Droga kontsumoen eboluzioa Garai batetik hona zenbait drogaren kontsumoa handitu egin dela uste dugu. Gainera, gero eta gazteago hasten dira drogak hartzen. Orain errazagoa da drogak kontsumitzea, izan ere, lehen baino merkeago eta errazago eros baitaitezke. Sustantziei dagokienez, alkohola, tabakoa eta kanabisa dira gazteen artean zabalduenak. Nerabeok aipatutakoen eta bestelako drogen artean aldeak ikusten ditugu. Drogen gaineko estereotipoak Helduek uste dute gazteok aldi oro mozkortzen eta drogak hartzen ibiltzen garela. Eta ez da horrela. Zeinahi adin tartean gertatzen den moduan, badira drogak kontsumitzen dituztenak eta kontsumitzen ez dituztenak. Helduen artean gauza bera gertatzen da. Uste dugu hedabideek gure irudia itxuraldatzen dutela, izan ere, zenbait programatan soilik edateko biltzen den pertsona talde moduan agertzen baikara. Gure gurasoek ikusten dituzte programa horiek. Hori dela eta, kalera irteten garen bakoitzean telebistan ikusi dutena egiten dugula uste dute. Gazte askok, ordea, ez dute kontua horrela ikusten. Gure ustez, generalizazioek arduragabe itxura ematen digute, baina inguruan ditugun gauzek benetan kezkatzen gaituzte.
Drogak kontsumitzearen arrazoiak Gure iritziz, taldeak egiten duen presioak berebiziko garrantzia du, zeinahi motako kontsumoari ekiteko orduan. Inork ez du taldeko xelebrea izan nahi eta, taldekoen onespena lortzeko, mundu guztiak egiten duena egiten dugu. Horrez gain, ateratzen garenean sustantziaren bat hartzen badugu, ausartago ikusten dugu gure burua. Izan ere, alkoholari esker desinhibitzen baikara, eta hobeto pasatzen dugu. Bestalde, alkoholaren alderdi kulturala nabarmendu nahi dugu. Gure kulturan bazkaz ospatu ohi da zeinahi gertakizun eta, normalean, asko edaten da ere. Hori da guk ikusten duguna. Amaitzeko, gure ustez familia arazoek, komunikazio txarrak eta konfiantza falta, gazteak kontsumitzera bultzatzen dituzte, nahiz eta arrazio garrantzitsuena ez izan. Drogak kontsumitzearen arriskuak Zeinahi droga kontsumitzea arriskutsua dela uste dugu. Norbaitek kontsumitzeko ohitura baldin badu, bere bizitzaren hainbat alor okertu daitezke, besteak beste, familiarekiko harremana eta eskola errendimendua. Gorputzak, halaber, drogak kontsumitzearen zenbait ondorio pairatzen ditu; hala bihotzeko, biriketako eta gibeleko arazoak nola gaixotasun metalen bat izateko aukera handia. Horrela, pertsona talde batek droga gehiegi hartzen duenean, kalean liskarrak gertatu eta arrisku handiko harreman sexualak izan ditzakete. Azken horren eraginez, nahigabean haurdun geratu edo sexu harremanen bidez transmititzen diren gaixotasunak har daitezke.
2. JOKABIDE PROPOSAMENAK 2.1. Gizartearen eta instituzioen jokabidea Drogak leku jakin batzuetan salerosten dira, eta gure ustez instituzioetatik leku horiek gehiago kontrolatu litezke. Horrela, drogak erostea zailago izango litzateke. Gure aburuz, ondo legoke aisialdi eskaintza sustatzea eta egun dagoena hobetzea. Aisialdiko beste jarduera batzuk gauzatzeko, egoki litzateke joan-etorriak, zinea, txangoak, eta abar merkeagoak izatea. Beraz, gure proposamena aisialdi alternatiboa osatzeko orduan, gazteek kudeatutako gazteentzako eskaintzak pizgarriagoak direla kontuan hartu beharko litzatekela izango zen. Guk dakigu zeintzuk dira gure interesak eta gustoko gauzak. 2.2.Familien jokabidea Familientzako gure proposamena hitz bakar batean trinkotu genezake: komunikazioa. Komunikazioak guraso eta seme-alaben arteko konfiantza indartuko lukeelakoan gaude. Horrez gain, gurasoei gu koherentziaz eta mugak jarriz heztea eskatuko genieke, izan ere, askotan muga non dagoen jakitea kostatzen baitzaigu. Horrela, gure heziketarako beharrezkoa izango balitz, zenbait gauza egiten ez uztea biziki positiboa izango litzatekeela uste dugu. Dialogoak berebiziko garrantzia duela uste dugu, gu hobeto ezagutu eta gure kezkak eta beharrak zeintzuk diren jakin ahal izango baitute. 2.3.Ikastetxeen jokabidea Drogen kontsumoari buruzko hitzaldietara joatea oso interesgarria iruditzen zaigu. Horrela, kontsumitu ala ez kontsumitu erabaki aurretik, informazio gehiago izan dezakegu. Zentzu honetan, droga berrien eta haien kontsumoaren ondorioen gaineko informazio gehiago eta txikitatik emana izango bagenu, gutxiago kontsumituko genuke. Era berean, ikastetxeetan “paternalismorik” gabe drogei buruz hitz egingo balitz, gu geu izan eta gai honekiko askeago sentituko ginateke. Bestalde, ikastetxearen barruan kontsumoa zorrotzago kontrolatu beharko litzatekeela uste dugu, arau argiagoekin, esaterako. 2.4.Jokabide pertsonalak Askatasunean eta norbanakoaren erantzukizunean erabat sinisten dugu. Hori dela eta, drogen aurrean geure burua kontrolatzeko gaitasuna garatu behar dugu, kontsumitu aurretik bi bider pentsatzeko eta kontsumitzearen ondorioak gogoan izateko. Mendekotasun arazo baten aurrean laguntza eskatzeko gai izateak, halaber, garrantzi handia du baita, norbaitek hala eskatuko baligu, laguntza eskaintzeko gai izateak ere. Nahi duenak drogen munduan sartzeko askatasuna du, bere ardurapean noski, eta ondorioak kontuan harturik, bai bere bizitzan bai bere senide eta gurasoen bizitzetan. Gure ustez jokabide pertsonalak oso garrantzitsuak dira, izan ere, pentsatzen dugu kontsumitzaileok drogak kontsumitzeari utziko bagenion, drogen negozioa desagerraraztea ahal izango zela. Osoko bilkurako zuzenketak · Gurasoek, jarraitu beharreko ereduak diren aldetik, gugandik espero dutenarekiko koherentziaz jardun behar dute. Hori dela eta, ematen dizkiguten aholkuekiko kontsekuente izatea eskatzen diegu. Horretarako, hitzez gain, ekintzekin ere hezi behar gaituzte. Gure ustez, hezkuntza on batek bizimodu osasuntsuan oinarritu behar du. Bide batez, drogei buruzko informazioa barneratzeaz gain, aipatutako informazioa guri transmititzen jakitea eskatzen diegu. Jakin badakigu eurek informazio asko dutela. Zenbaitetan, ordea, zer transmititu baino transmititzeko moduari gehiago erreparatu beharko liokete. · Oro har, paso egiten dugu eta ez dugu aisialdirako jarduera berririk proposatzen. Uste dugu gu geu aisialdirako gure jarduerak sortzeaz arduratu beharko ginatekeela, helduek proposatzeko zain egon beharrean. Guk geuk beste era bateko aisialdia sortzen badugu, gure interesetan oinarritu gaitezke. Horrela, gazteok gazteontzako egindako aisialdi dibertigarriago eta atseginagoa egin ahal izango dugu. Zenbaitetan, eskaintzen diren jarduerak gure adinarekin bat ez datozelako kexatzen gara, aspergarriak direla esaten dugu edo, besterik gabe, jarduera urri dagoela aukeran. Baina ez dugu ezer egiten gure iritziak aintzat har daitezen. Paso egiteari utzi eta jarrera aktiboagoa izan beharko genuke.
Hace 15 años
No hay comentarios:
Publicar un comentario